XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

AZKEN OHARRAK:

Antzerki antxietarrari balio dramatiko berezirik aurkitzeko hausnarketa serioetan murgiltzeak antzerki mota honen muinetatik kanpo gelditzea esan nahi luke, jakina baita Antxietaren errainetatik goiargitutako antzerkiaren eredua apostolutza izan zela. Antzerki antxietarra kristautasunaren balioen baieztapena eta hereseen aurkako arma zorrotza izan zen.

Antzerki antxietarra taula gainetik kristau mezua, akzio eta poesia irudian alkimizatuz, ikuslegoaren anima xaloen barru-barruraino sartzen zen. Antzerki mota honi gehienetan autoa deitura eman diote, baina garai hartan Portugalgo antzerki erlijiosoari beste izen hauek ere ematen zizkioten: praktika, dialogo, obra eta pronto.

HIZKUNTZA. Aita Jose Antxietak, Gil Vicenteren antzerkia ezagutzen zuela zalantzarik ez dago. Gil Vicentek berrogeita lauren bat antzerki idatzi zituen eta gutxienez hauetatik hiru Coimbrako Unibertsitateari eskaini zizkion.

Ez da harritzekoa Antxietaren antzerkian Gil Vicenteren edo garaikideen antzerkiekiko kidetasunik aurkitzea, baina honek inolaz ere ez du esan nahi plajioak direnik.

Gil Vicenteren antzerkian hizkuntzaren bikoiztasuna (portuguesa eta gaztelera) maiz ikus liteke. Egile honen antzerkian hizkuntzaren bikoiztasuna gizarte maila nabarmentzeko izaten zen, adibidez, zenbait pertsonaia portuguesez mintzatzen baziren, artzainak eta laborariak gazteleraz mintzatuko ziren eta denok dakigu antzerkian pertsonaia hauek ezjakintasunaren adierazgarri zirela.